Donostiako Gobernu Batzarrak Kontxako baranda zati bat Taki izeneko hiri japoniarrari doan ematea erabaki du.
Alkatearen esanetan, 15.000 biztanleko herri bat da, eta Japoniako santutegi sintoista garrantzitsuenaren ondoan dago, Ise ondoan. Goiak adierazi du bertan gastronomiari buruzko “parke tematiko antzeko zerbait” egiten ari direla.
Alkateak Takirekin harremana aurreko legegintzaldian hasi zela gogoratu du. Izan ere, Takiko udal korporazioko ordezkaritza batek, alkatea buru zuela, Donostia bisitatu zuen gastronomiaren inguruan “elkarlanerako bideak sortzeko interes handia” zutelako.
Ostalaritza eskola edukitzeaz gain, herri japoniarra “gastronomiarekin lotuta dagoen“ parke bat eraikitzen ari dela esan du Goiak, eta “Little San Sebastian” izeneko gune bat izango dela bertan. Parkeko eremu txiki batean, Donostiako taberna eta jatetxeak imitatuko dituzte, eta hori gauzatzeko Gipuzkoako hiriburuko ostalariekin lankidetzan ari dira.