Zenbaki orokorretan, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 901,9 milioi euro emango dizkie 2020. urtean lurraldeko udalerriei.
Horrela, bada, Bizkaiak udalei ematen dien zerga-itundunen bilketaren zatia %3,8 hazi da aurten banatutako funtsekin alderatuta, eta Udalkutxaren aurrekontua 869,1 milioi eurokoa da.
Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.
Bileran, halaber, aurtengo ekitaldia ixteko aurreikuspenak jorratu dituzte. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 18 milioi eurokoa. Kopurua udalen artean banatuko dute 2020ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.