“Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan” prestakuntza-tailer berria eskainiko du Urola Elkarteak

0

«EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema» egitasmoak pertsona ekintzaile edota enpresari txikientzat prestakuntza-tailer berri bat eskainiko du Urola Kostan.

Hain zuzen ere, batetik, “Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan” izeneko tailerrak izandako harrera ona ikusita, eta bestetik, salmenta tekniketan praktikatzen jarraitzeko beharraren ondorioz, erabat praktikoa izango den tailer berri bat egingo da.

Eskualdeko ekintzaile nahiz enpresari txikiei bideratutako saioaren helburua da, funtsean, salmenta prozesuak hobetzeko estrategia eta erremintak eskaintzea; kasu honetan, fokua komunikazioan jarrita.

Ba al dakigu saltzen? Gaur egun, marketing arazorik larriena zera da: salmenta prozesuan ohikoa den komunikazio eraginkorraren hutsunea. Hala, saio praktiko baten bitartez, bezeroarekiko komunikazio egoki bat lortzeko metodologia eta hainbat tresna erakutsiko zaizkie partaideei.

Saio bakarreko 4 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Urriaren 28an izango da ikastaroa; goizez, 09:30etik 13:30era.

Tailerra irekita dago aurreko tailerrean parte hartu zutenentzat nahiz lehendabizikoz saioan parte hartzeko interesa dutenentzat. Izan ere, bezeroarekiko komunikazioa hobetzeko erreminta berrietan eta ekintzetan sakonduko da.