Bihartik aurrera abisu horia ezarriko dute euriteengatik

0

Bihar, asteartea, eta etzi, asteazkena, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prezipitazio iraunkorrengatik abisu horia ezarriko duela jakinarazi du.

Izan ere, iragarpenaren arabera, 24 orduan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke isurialde atlantikoan.

Astearte eguerditik aurrera izango da indarrean abisua. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, prezipitazioak iraunkorragoak eta mardulagoak izango dira Gipuzkoan. Hala, metro koadroko 20-40 litro pila daitezke lurralde horretako hainbat tokitan. Bizkaiko zenbait tokitan, metro koadroko 15-30 litro pila daitezke.

Asteazkenean, egun osoan egongo da indarrean abisua. Isurialde atlantikoko zenbait lekutan, 24 orduan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, eta iraunkorra eta oso ugaria izan daiteke, bereziki Bizkaian eta egunaren bigarren zatian.