‘Bizkaia adin guztietako pertsonentzat’ izan dadin, Foru Aldundiak hainbat neurri hartu ditu

0

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea adin guztietatako izan dadin, zahartze aktibo eta osasungarrirako baldintzak hobetu dituzte.

Historian lehen aldiz, Bizkaiko pertsona gehienak 80 urte baino gehiagoz bizi daitezke, bizi-itxaropenak gora egin duelako, batez ere. Gizartearentzako berri ona da hori, zientziaren arloan egindako aurrerapenen, erreferentziazkoa den osasun-sarearen eta Bizkaiko Lurralde Historikoak lortutako ongizate mailaren emaitza. Errealitate berri bat planteatzen du, erronka eta beharrizan berriekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Sarearen topaketan parte hartu du gaur goizean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin batera. Topaketa Bolunta-ren egoitzan egin da, Bilbon.

Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillok ‘Bizkaia adin guztietako pertsonentzat’ estrategiaren balantzea egin du, eta azpimarratu du estrategia 2016. urtean martxan jarri zenetik 24 toki-erakunde lagundu direla (28 udalerritakoak); izan ere, toki-erakunde horiei 631.000 euro baino gehiago eman zaizkie lurraldeko udalerrietan ingurune lagunkoiak egin ditzaten, OMEk Hiri Lagunkoien proiektuan proposatu duen metodologia erabiliz. Gaur egun, Bizkaian, biztanle guztien % 73 hartzen duten udalerriak berraztertze eta eraldatze prozesuan daude sartuta, adinaren ikuspegitik betiere.

Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatza Zahartze Aktiborako estrategia integrala sortu nahian. Horri lotuta, hain zuzen, Sergio Murillok honako hau azpimarratu du: Bizkaiak «urteak daramatza arlo hori jorratzen, aurrea hartzen ahaleginduz. Europan erreferentzia gara». «Zahartze Aktiboaren Indizearen (Active Ageing Index) arabera, gure lurraldea, orokorrean, Europar Batasunaren batezbestekotik gora dago. Zahartzaro aktiborako ahalmen eta inguruetan lehenak gara Europan; aurrera goaz bizitza independentean, osasungarrian eta seguruan. Baina horrez gain, Europar Batasuneko herrialde gehienetan baino alde txikiagoa daukagu generoen artean.

Bizkaia adin guztietarako lurralde bilakatzeko, adin guztietarako egokiak diren ingurune eta erkidegoak garatzeko ekimenak sustatuko dira, Osasunaren Mundu Erakundeak dioenari jarraituz. Adineko pertsonek ere modu aktiboan parte hartuko dute prozesu horretan, protagonista modura haiek ere. Bizkaiko Adinekoen Kontseiluak ordezkatuko ditu. Gainera, estrategia hau herrialdeko estrategiarekin parekatuta dago, Euskadi Lagunkoia izenekoarekin, eta Europaren estrategiarekin ere bai.