Azaroan teknologian prestakuntza modu praktikoan ikasi daiteke Urola Kostan, gainera 100% diruz lagundutako ikasketak dira.
Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzuak KONPETENTZIEN ESKOLA izeneko zerbitzu berria abiarazi du. Funtsean, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektore ekonomikoen kualifikazio beharrizanei erantzuteko jaio da eskola. Eskualdeko enpresetan kultura eraikitzailea indartzen lagundu nahi da, etengabeko ikaskuntza sustatuz eta trebakuntzaren bidez. Pertsonei laneratzea erraztu eta beraien aurrerabide profesionala suspertzeko ahaleginez, eskualdeko erakunde nahiz enpresen errendimenduan eragitea ere badu xede zerbitzuak.
Hala, eskola berriaren baitan, urte amaiera bitartean bi prestakuntza berri eskainiko dira. Alde batetik, lehen edizioko emaitza onei jarraipena emateko asmoz, martxan da “45+ indartzen” egitasmoa. Bestetik, digitalizazioaren garaiotan behar-beharrezkoak diren IKT baliabideen erabilera aurreratua lortzera bideratutako ikastaro sakona da “Izan-Be digital”.