Bilboko Udalak Siriako krisia dela eta errefuxiatutako pertsonei lagunduko die

0

Siriako krisia dela-eta kanpalekuetan errefuxiatutako pertsonei laguntzeko eta proiektu sozial eta humanitarioetarako programetarako dirulaguntzetarako deialdia onartu du Bilboko Udalak.

Deialdia azaroaren 2ra arte dago zabalik eta Sirian, Iraken, Turkian, Jordanian eta Libanon errefuxiatutako pertsonak izango dira ardatz. 2018an dirulaguntzak proiektu biren bidez gestionatu ziren. Libanon izan zen bat eta Sirian bestea, biak ala biak ACNUR eta UNICEFen eskutik, oinarrizko laguntza eta osasun arlokoa hobetzeko.

Dirulaguntzen eskariak, gutxienez, 15.000 eurokoak eta, gehienez, 20.000 eurokoak izango dira eta eskatzaileek egoitza nagusia Bilbon eduki behar dute. Bilboko udalak programaren guztirako kostuaren % 100erainoko dirulaguntzak eman ditzake deialdi honen bidez.

Ekintza Humanitarioaren barruko proiektuak laguntza, sorospen, babes eta berregitekoak izango dira, bai eta giza eskubideen babesa, lekukotza, salaketa, presio politikoa eta lagun egitea xede dutenak ere. Horiek guztiak hondamendien biktimen sufrimendua arintzeko, bizi-iraupena bermatzeko, eskubideak babesteko eta zaurgarritasuna murrizteko helburuarekin.

Larrialdietako laguntzei dagokienez, ordea, proiektuek berehalako lankidetza eta urgentziazkoari erantzun behar diete, betiere kontuan hartuta tartean hondamendi-egoera bat dagoela, hondamendi naturalek, gatazka armatuek edo besteko inguruabarrek eraginda. Laguntza horien helburua izaten da bizitzak salbatzea eta berehalako bizi-iraupenerako oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak hornitzea biztanleei (osasun laguntza, babesa eta elikagaiak). Era berean, pertsonen premia psikosozialei ere erantzun nahi zaie, alegia, birgaitze psikosoziala eta larrialdiko hezkuntza eman.