Euskara ikasleentzat ‘Bilbo’ gida argitaratu dute

0

Lutxo Egiak idatzita eta Asisko Urmenetak ilustratuta, jada kalean da ‘Bilbo’ hiriko gida euskara ikasleentzat.

Bilbon barrena bisita gidatua egiteko proposamena da hau. Orain kale bat, gero zubi bat, hurrena historia puska bat… hiriko eskulturen inbentarioa eginez abiatuko du gidariak ibilbidea Bilboko baldosetan barrena, hiri zahar, bizi eta erakargarria eraikiz, bilbotarren bizipenen bitartez. Bilduma berean daude Baiona, Donostia, Donibane Garazi, Gasteiz, Iruñea eta Maule-Lextarreko gidak.

Ilustrazioak Asisko Urmenetarenak dira. Ibilbidea, liburuaren hasieran mapa batean kokatu du, eta atal bakoitza, ilustrazio batekin apaindu du. Urmenetaren ilustrazioak Dom Campistronek koloreztatu ditu. Bi artisten arteko elkarlanaren emaitza berezia eta ikusgarria da.

Bilbo gida, Arian Irakurgai Mailakatuak bilduman argitaratu da. Bilduma horretan ipuin, nobela eta testu periodistikoak biltzen dira, A1, A2, B1 eta B2 mailetara egokituta. Liburu guztiek dute audio-liburua testu idatziarekin batera, ulermena lantzeko ariketak eta hiztegi laburra. Bilboko gidarekin batera argitaratu dira Baiona, Donostia, Donibane Garazi, Gasteiz, Iruñea eta Maule-Lextarreko gidak ere, guztiak B1 mailan. Bilboko Udalak babestu du argitalpena.