Mikropreben programan izen emateko epea irekia dago

0

Eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten Urola Kostako enpresa txikiek azaroaren 6ra arte Mikropreben programaren 8. edizioan izen eman dezakete.

Enpresa guztiek ez dituzte ezaugarri berak eta neurrira egindako prebentzio-kudeaketa beti izango da eraginkorragoa. Horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko prestakuntza jaso eta beharrezko dokumentazio guztia prestatzea. Enpresa txikiei egiteko horiek erraztera dator Mikropreben programa.

Mikropreben programa enpresa arduradunei nahiz prebentzioan ardurak dituzten langileei zuzenduta dago. Partehartzaileen aukera izango dute, legeak eskatzen duenaren arabera, prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko ezagutza eta erreminta egokiak eskuratzekoa.  Izan ere, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatzeaz gain, legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte.

Enpresa arduradunei ezagutaraziko zaie lan arriskuen arloan legearen eskakizunak zeintzuk diren: beti ere, prebentzioaren gaineko kudeaketa eraginkor bat egin ahal izan dezaten; bai prebentzioaren kudeaketa zuzenean beregain hartuta, baita kanpo prebentzio-zerbitzu bidez kudeatzen denerako ere.

Programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute (azaroan zehar, 10 saio), eta ondoren, aukera zabalduko da, beren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian,  laguntza eta aholkularitza jaso dezaten. Aldi berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan (euskaraz nahiz gaztelaniaz, alegia).