‘Milaka elkarbizitza’ jardunaldiak gazteen emantzipazioa aztertuko du

0

Azaroaren 7an Donostiako Kutxa Kultur Plazan ‘Milaka elkarbizitza’ topaketa ospatuko da, gazteak eta etxebizitzaren gaia ardatz izango direlarik.

Azken datuen arabera, Donostiako batez besteko alokairua 1.305,2€koa da. Hiruhilekoz hiruhileko, urtez urte, prezioa gora doa eta aditu batzuen arabera, alokairu burbuilaren aurrean gaude.

Gazteen emantzipatzeko zailtasunen aurrean (alokairu burbuila, diru sarrera finkorik ez, etxebizitza eredu urriak), bestelako ereduen inguruan hitz egingo da. etxebizitza-eredu berriak ezagutzeko eta aztertzeko beharragatik: alokairu soziala, pisu solidarioak, co-housing-a edo belaunaldi arteko elkarbizitza, besteak beste.

Gainera, Donostiako Udalak gazteei bideratutako etxebizitza-programa aztertuko da, eta administraziotik bidera daitezkeen programa berritzaileen eredu modura, Usurbilgo Udalaren Txirikorda proiektua azalduko dute Usurbilgo alkateak eta Hiritik At kooperatibako kideek. Horrek belaunaldi arteko elkarbizitza sustatzen du.

Ekitaldiak Hiruburu dinamika jarraituko du, hots, hiru protagonista —18-30 urte bitarteko gazteak, kargu politikoak eta teknikoak— gai zehatz bat jorratzeko mahai baten inguruan elkartuko dituen eztabaida-dinamikan oinarrituko da.

Topaketa honen bitartez 2018an Kontadoresen antolatutako #GaztEmantzipazioa jardunaldiari jarraipena emango zaio. Iaz, gentrifikazioa eta turistifikazioak duten eragina mahai gainean jarri ziren, baita hauek alokairuan eta gazteen emantzipazioan dakartzaten ondorioei irtenbidea ematearen beharra arazoa kronifikatu aurretik.