Bilbao Bizkaiak kanporako sustapena indartu du eguteki oso baten bidez

0

Negozio-aukerak sortzeko, eskaintza turistikoa ezagutzera emateko eta merkatu berriak mantendu eta erakartzeko asmoz, Bilbao Bizkaia Zurich, Munich eta Lisboa hirietan egingo diren hurrengo topaketetan izango da.

Bilbao Bizkaiak bere kanporako turismo-sustapeneko jarduera mantentzen du, ekintzen egutegi bizi batekin; horien artean, Suitzako, Alemaniako eta Portugaleko merkatuei zuzendutako hainbat workshop nabarmentzen dira.

Gaur topaketa profesionaletako lehenengoa burutuko da Suitzako Zurich hirian; urriaren 24an (osteguna) Munichen egingo da eta datorren azaroaren 27an Lisboan, Portugaleko hiriburuan. Aste honetako topaketa profesionaletan (Zurich eta Munich), Suitzako eta Alemaniako 50 turismo-eragile inguru bilduko dira hiribilduko eta Lurraldeko turismo-enpresen ordezkariekin. Zurichera bederatzi enpresa joango dira eta Munichera, berriz, beren jarduera hiri-ostalaritzara, turismo hartzailera eta turismo-zerbitzu aktiboetara bideratzen duten Bilboko eta Bizkaiko zortzi konpainia. Topaketetan zehar, Bilbao Bizkaia helmuga aurkeztuko zaie bertaratutakoei.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dituen ekitaldi profesional horien helburuak honako hauek dira: tokiko enpresen sarearekin negozio-aukerak sortzea, eskaintza turistikoa komunikabideetan ikusgai jartzea eta Suitzako eta Alemaniako merkatuekin harremanak estutzea (bi horiek lehentasunezko merkatu gisa definituta daude kanporako sustapenerako estrategian).

Gaur egun, Alemania Bilbora bidaiari gehien bidaltzen dituen hirugarren herrialdea da, Frantzia eta Erresuma Batuaren atzetik. Erdialdeko Europako herrialde horretatik datozen turisten kopurua % 22 hazi da; iaz, turisten 48.921 sarreretaraino iritsi zen. Suitzari dagokionez, bidaiarien sarrera nabarmen igo da azkenengo lau urteetan zehar, zehazki, % 81.

Turismo suitzarra zein alemaniarra balio ekonomiko altuko merkatu gisa konfiguratzen dira, beren turisten erosahalmenarengatik eta urte osoan zehar bidaiatu dezaketelako, ez bakarrik denboraldi altuan.