Euskadiko pentsiodunek protestak indartuko dituzte

0

Orain arte jasotako promesekin «nekatuta», Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak protesten maila «kalitate eta kantitate aldetik handitzea» erabaki dute.

Bilboko udaletxeko atariko eskaileretan dozenaka pentsiodunek egindako agerraldian, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mugimenduen ordezkariek hartu dute hitza, eta datozen hiru hilabeteetarako aurreikusi dituzten mobilizazio nagusien berri eman dute: azaroaren 16an, manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; abenduan, elkarretaratzeak Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean; eta urtarrilean, «herritarren mobilizazio orokorra».

Gogorarazi dutenez, aurki 22 hilabete beteko dira 2018ko urtarrilean astelehenero protesta egitea erabaki zutenetik, eta astero 13.000 pertsonatik gora elkartzen dira 100 puntutan.