Atxilotu bat Donostian auto bat lapurtu eta bi istripu eragiteagatik

0

Asteartean 51 urteko gizon bat atxilotu zuten Donostiako Bidebieta auzoan giltzak jarrita zituen auto bat lapurtzeagatik.

Arratsaldeko seietan hasi zen gertaera, Pasai San Pedro hiribide inguruan. Salaketaren arabera, lapurtutako autoaren jabea une batez bere auto partikularra, Peugeot 307 bat, aparkatutako lekutik ateratzen ari zen, haren lekuan laneko furgoneta aparkatzeko. Gizonezkoa, egoeraz baliatuz, motorra martxan zuen autoan sartu zen, eta berehala alde egin zuen, autoaren jabeak, egoeraz jabetzean, agiraka egin zion arren.

Ihesi zihoala, lehenengo istripua seiak eta hogeian izan zuen Donostiako saihesbidean, GI-20 errepidean, Intxaurrondo parean eta Aritzetako noranzkoan. Autoak Ford Focus auto baten kontra talka egin zuen eta bertan zihoazen hiru bidaiariak zauritu ziren. Hirurak Donostia ospitalera eraman behar izan zituzten. Istripua eragin zuen ibilgailuak bere bidea jarraitu zuen gelditu ere egin gabe. Handik hamabost minutura, beste zirkulazio-istripu bat eragin zuen N-1 errepidean, Lasarte-Oria parean. Kasu horretan Opel Corsa auto bateko bidaiariak hainbat lesio izan zituen, eta anbulantzian eraman zuten. Kasu horretan ere gizonezkoak alde egin zuen istripua gertatu zen lekutik, eta Andoaingo bidean jarraitu zuen ihesi. Handik minutu batzuetara beste istripu bat izan zuen, baina kasu honetan ez zen zauriturik izan. Berriz ere istripua gertatu zen lekutik ihes egiten ahalegindu bazen ere, Andoaingo udaltzainek atxiki zuten, gertaeraren lekukoen laguntzaz.

Handik laster atxilotu zuten ertzainek aipatutako autoa lapurtzeagatik eta ausarkeriaz gidatzeagatik, bai eta gidabaimenik ez izateagatik eta alkohola eta drogak hautemateko probak egin nahi ez izateagatik ere. Atxilotua 51 urteko gizonezkoa da, delitugile ezaguna, eta Ertzaintzaren beste hogeita sei atxiloketa ditu bere delitu-historian.