Bizkaiako Foru Aldundiak ‘Gizatek’ laguntzetarako diru-kopurua handitu du

0

Adinekoak edo desgaitasuna duten pertsonak etxean egon daitezen, Bizkaiako Foru Aldundiak Gizatek zerbitzuari aurten 200.000 euro gehiago esleitu dizkio.

Gizatek zerbitzuaren bitartez, Bizkaiko herritarrek produktu lagungarriak eskuratu ditzakete autonomia pertsonala areagotzeko eta nork bere etxean bizitzen jarraitu ahal izateko. Erabiltzaileak mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak dira, eta oso modu positiboan baloratzen dute orain ere zerbitzua. Laguntza mota hau behar duten pertsonek dituzten beharrizanei erantzuten jarraitu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak 200.000 euro handitu du bere aurrekontu-partida. Beraz, 2019ko ekitaldi honetarako, zerbitzuak 1.450.000 euroko aurrekontua du, eta kopuru horrekin eskaria betetzea espero da.

Urte honetan, Gizarte Ekintza Sailak 1.341 eskatzaileri eman dizkie laguntzak. Baina urtea amaitzen denean guztira 1.700 onuradun izatea aurreikusi da, hau da, iaz baino 200 pertsona gehiago. Abenduaren 30ean bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.