Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera dituzte

0

Berrogeita lau urteren ostean, Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera dituzte, familiaren panteoira eramateko.

Jardunean den Espainiako Gobernuak Twitter bidez jakinarazi duenez, 10:40 aldera abiatu dute diktadorearen «exhumazio, lekualdatze eta lurperatzeko» prozesua, Francisco Francoren senitartekoak bertan direla.

09:00etatik, agintariek, Espainiako Gobernuko Justizia jarduneko ministro Dolores Delgado buru, Erorien Haranean zeuden. Diktadorearen senideak ere bertan zeuden; guztira, 22 izan dira exhumazioan. Delgado Erresumako Notario Nagusi moduan aritu da, goizeko prozesuan zehar.

Guztiak metal detektagailu batetik pasatu dira, edozein grabazio gailuren sarrera saihesteko.

Espainiako Gobernuak Francoren familiari gogorarazi dio diktadorea hobitik ateratzeko prozesuan ez dagoela baimenduta banderarik edo bestelako ikurrik erabiltzea; baina, bilobetako batek, Francis Francok Konstituzioaren aurreko bandera bat eraman du.