Juan Sebastian Elkanori buruzko hitzaldia jasoko du Bidebarrieta Kulturguneak

0

Bilboko Udalak Bidebarrietako liburutegiaren barruan duen kulturguneak “Tras los pasos de Juan Sebastián Elcano” izenburupean Alberto Apodaca historialari donostiarraren hitzaldia jasoko du datorren asteartean.

Hitzaldiak, duela gutxi argitaratu den egile beraren «Yo Elcano» eleberri historikoan du jatorria, eta Alberto Apodacak euskal itsasgizonak Lurraren lehen ingurabidean izan zuen paper historikoa erreibindikatzen du. 424 orrialdetan, nabigatzaileak balentria historikoan bete zuen leku erabakigarria aldarrikatzen du Apodacak, eta bera gabe Victoria ontziak ezin izango ziola munduari bira eman defendatzen du, ezta Sanlucar de Barramedara iritsi ere, 1522ko irailaren 6an, bizirik iraun zuten 18 pertsonekin.

Jarduera horren bitartez, Bidebarrieta Kulturguneak bat egingo du munduari lehenengo bira eman zion Magallanes-Elkano espedizioaren bosgarren mendeurrena ospatzeko ekitaldiekin. Fernando de Magallanes hil ondoren, Juan Sebastian Elkano (Getaria 1476 – Ozeano Barea 1526) espedizio buru bilakatu zen, eta Victoria ontzia gidatuz, Indiako ozeanoa zeharkatu zuen Afrika inguratuz, planetari lehen ingurabidea osatzeko. 1522ko irailaren 6an penintsulara heldu zen, Sanlucar de Barramedara hain zuzen ere.

Alberto Apodaca (Donostia, 1955) Historian lizentziatua, saiakeragilea eta eleberrigile historikoen egilea da. Bidaiari paregabea, Europa osoan, Errusian, Turkian, Itsaso Gorrian, Jordanian, Sirian, Amerikan eta abarretan izandako esperientziek beste kultura batzuetan murgiltzeko aukera eman diote, eta hori guztia hainbat liburutan islatu du.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bilboko Udalak Bidebarrietako liburutegiaren barruan duen gunea da, eta bere helburu nagusia liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena da.