500 jarduera baino gehiago bildu ditu Donostiako Udalaren Gobernu Programak hiria hobetzeko

0

Hiria eta bere biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko 500 jarduera eta proiektu baino gehiago bildu ditu Donostiako Udalaren Gobernu Programak.

Programa honek Gobernu Onaren printzipioan oinarritutako hamar ardatz estrategiko aurreikusten ditu, udal sailen jarduera-plana zehaztu eta Udalak hurrengo lau urteetan izango duen ekintza definituko duen ibilbide-orria eratuko dutenak.

Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak gaur aurkeztu dute gobernu programaren edukia, EAJk eta PSE-EEk ekainean aurkeztutako legegintzaldi-akordioan hartutako konpromisoari jarraiki.

Gobernu Programak dio Udalaren ardura dela “balio erantsia ematea Donostiari eta Donostian bizi diren emakume eta gizonei”, “herritar bakoitzari bizi-maila ezin hobea” bermatuz. Hala, konpromiso hori bere gain harturik, datozen lau urteetarako aurreikusitako kudeaketa ekintzak zehaztu ditu Udaleko sail bakoitzak.