Open Lab guneak hainbat prestakuntza saio berri eskaintzen ditu

0

Azaroan eta abenduan zehar egingo diren hainbat prestakuntza saioa antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkartearen baitako Open Lab guneak.

Alde batetik, 3D inprimagailuei buruzko prestakuntza eskainiko da. Parte hartzaileek 3D inprimagailu bat erabiltzen hasteko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte. Hasi 3 dimentsiotako fitxategi bat eskuratu, prestatu eta inprimagailua martxan jartzeko argibideak barneratzeraino. Cura programak eskaintzen dituen aukerak ere irakatsiko dira. Amaieran, ikasleek aukera izango dute 3D inprimagailuaren bitartez objektu propio bat egiteko. Bi ikastaro izango dira; lehena urriaren 29an eta bigarrena azaroaren 26an.

Bestetik, laser grabatzaileek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko aukera ere zabaldu da. Inkscape programaren bitartez, laser makinarekin lanean hasi aurretik jakin beharrekoak landuko dira. Laser makinaren kudeaketaz hiruzpalau nozio jaso ondoren, makinak martxan jartzen ere ikasiko da. Ikasle bakoitzak bere opari/oroigarri bat sortzeko aukera izango du.  Gomendatzen da, ahal den heinean, norberak bere ordenagailua ekarri dezan. Azaroaren 19an izango da laser grabatzailearekin trebatzeko ikastaroa.

Azkenik, Scrath aplikazioaren bitartez ordenagailuen programazioan lehen urratsak emango dira. Programazioaren inguruko aurre-ezagutzarik ez da behar ikastaroan parte hartu ahal izateko eta gomendatzen da, ahal den heinean, norberak bere ordenagailua ekarri dezan. Abenduaren 17an eskainiko da Scratch aplikazioari buruzko saioa.