2020ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua astelehenean irekiko da

0

Azaroaren 4tik 17ra bitartean donostiarrek Urrezko Danborrerako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte.

Herritarrekin batera elkarte, fundazio, kirol elkarte eta Donostiako Udaleko udal-taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete. Proposamenak internetez egin ahal izango dira udalaren web atarian, baita aurrez aurre ere Herri Partaidetzako Easoko bulegoan. Bertaratzen diren pertsonek laguntza teknikoa jasoko dute online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Bakoitzeko proposamen bakarra onartuko da.

Epe hau bukatuta, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu azaroaren 18tik 27ra bitartean. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dira.

Azaroaren 28 eta abenduaren 3 artean Batzorde horrek gehienez 3 hautagai aukeratuko ditu. Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu, hau da udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren hiru herenak, Urrezko Danborra zuzenean eman ahal izango dute.

Gehiengo hori lortzen ez bada, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egin ahal izango dute boto bidez abenduaren 9tik eta 15era bitartean. 16 urtetik gorako herritar erroldatuek irabazlea hautatzeko aukera izango lukete herri-bozketa bidez, udalaren webgunean eta Udalinfoko bulegoetan -Altza, Easo, Morlans eta Udaletxea-. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du.

Horrenbestez, abenduaren 16an jakinaraziko luke Udalak hautagaitza saritua, boto gehien jaso duena, eta abendua amaierako udalbatzarrean berretsiko lukete.