Donostiako Espartxoko zubi berria urtarrilaren azkenerako eginda izango da

0

Datorren astean Espartxoko zubi berriaren bi estriboen arteko lau habe metaliko handiak jarriko dituzte.

Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “prozesu garrantzitsua da hori, habe horiek eutsiko diotelako zubi berriaren taulari, eta haren gainetik pasatuko dira gero ibilgailuak eta oinezkoak. Taula jarritakoan —azaroaren amaiera aldera-edo—, behin-behinean irekitzeko moduan izango da zubia, trafikoa pasa ahal izateko eran. Hori egindakoan, oinezkoentzako espaloiak jarriko dituzte, zubiaren kanpo aldera airean aterata.”

Zubi zaharra botatzea izango da azkeneko lana. Astebete-edo pasako dute horretan, eta, hala, urtarrilaren azken alderako, eginda izango da obra osoa. Zubi berriak ez du oinik ibaian, 60 metro da luze eta 2,5 milioi euroren aurrekontua du.