UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ‘HozFontan As Built’ erakusketa ikus daiteke

0
PRUEBA

Gaurtik aurrera Donostiako UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak ‘HozFontan As Built’ erakusketa hartuko du urtarrilaren 21era arte.

Maketa, plano, testu eta argazkiz osatutako erakusketak Donostiako HozFontan arkitektura estudioaren ibilbidearen errepasoa egiten du, 30 urtetik gorako jardunbidean eraiki dituen 15 proiekturen eskutik. «Eraiki diren proiektuak izanik, proiektuokin zer egitea posible izan zen erakusten du erakusketak, baita, nolabait, unean uneko kezkak ere», azaldu du Pablo de la Hozek.
Erakusketa Angel de la Hoz arkitektoren ibilbideak artikulatzen du, hau da, Cristina Fontánekin batera HozFontan estudioa fundatu zuen gizonaren obrak. Gaur egun, HozFontan estudioa azken urteotako Donostiako arkitekturaren erakusle adierazgarrienetakoa da, eta Angel de la Hoz berak eta Pablo de la Hozek gidatzen dute. Estudioaren arkitektura lan egiteko modu gogoetatsu eta patxadatsu baten isla da, eraikinen sorkuntza prozesuaren fase ezberdinetan ere agerikoa dena. Estudioak etengabe lan eta bizitzeko modu berrietara egokitzeko beharrean jartzen du indarra, euren ingurunean sakonki integratutako eraikinak sortuz, betiere, gainera, ingurumenarekin era arduratsuan jokatuz.

Orain arteko ibilbide oparoan, HozFontan estudioak Donostiako eraikin zinez enblematikoetan utzi du bere aztarna, besteak beste honakoak: UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskola (egun Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea), Aquariuma, Justizia Epaitegia, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Arima Hotela. Azken hori, passivhaus eraikinen premisak jarraituz eraikitako munduko hotelik handiena bilakatu berri da. Eraikinok, klimatizazio artifizial beharrak murriztea bilatzen dute kanpoko energia beharrak txikitzeko; horrek, noski, energia gastua bera ere murrizten du.