Bilboko Udalak As Fabrik proiektua hartuko duen Beta 2 Eraikina eraberritzeko lanei ekingo die

0

Aste honetan hasiko dira As Fabrik proiektu europarra hartuko duen Beta 2 Eraikina birgaitzeko lanak.

Lanek eraikinaren eraberritzea aurreikusten dute, bai barrualdekoa bai kanpoaldekoa, beirate zabalak barne, bai eta higiezinerako sarbideen urbanizazioa ere. As Fabrik proiektuaren helburua da 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuak bultzatzea, Zorrotzaurre ekosistema berritzaile gisa finkatzea ardatz.

Eraikina udal jabetzakoa da, eta egitura egokitzeko hainbat hobekuntza izan ditu dagoeneko, lehen fase bati esker. Orain bigarren fase bat hasiko da, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea egokitu nahi dituena, etorkizuneko erabilerak As Fabrik proiektuaren egoitza gisa har ditzan. Fase honetan, beheko, solairuarteko eta lehen solairuko egokitzapen-lanak egingo dira. Bigarren eta hirugarren solairuak egiteke geratuko dira oraindik, eta itxita egongo dira obren hirugarren fasearen zain.

Udalak eraikina birgaituko du, solairu guztietara zabalik egongo den atari baten inguruan antolatuta gera dadin. Kanpoan zein barruan, industria gune izaerari eutsi nahi dio obrak. Horregatik, eraikinaren barrualdea industria-kontzeptu ireki batetik abiatuta eraikitzen da, zurezko eta beirazko kutxetan sartutako espazioekin. Eraikinak harmaila gisako bi auditorio ireki izango ditu, eta horietako batek beheko solairua eta lehenengoa lotzen ditu.

Eraikinaren kanpoaldea guztiz zaharberrituko da, barruan argiztapen naturala hobetzeko beirate zabalak barne. Bistako adreiludun fatxadak osorik berreraikiko dira, eta gainerakoak egurrezko xaflen bidez zaharberrituko dira.

Kanpoko sarbideei dagokienez, proiektuak horien urbanizazio partziala aurreikusten du, behin-behineko izaerarekin, arrapalen eta eskaileren bidez, eta Beta1 (non Digipen Institute of Technology baitago) eraikineko sarreraraino konektatuta.