Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterrak Good Practice Flag bermea berritu du

0

Hezkuntza, Ikus-entzunezko eta Kulturaren arloko Agentzia Exekutiboak 100etik 90 puntu eman dizkio UPV/EHUren Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterrari.

Hala, Europako erakunde horrek ematen duen Good Practice Flag bermea berritu du bigarren urtez jarraian, eta masterrak bikaintasun maila gorenari eutsi dio.

Erasmus Mundus masterren kalitate bereizgarriaren arduradun nagusiek aipatu graduondokoaren jardueren ezarpen kuantitatibo eta kualitatiboa goraipatu dute.

Halaber, irakasleen maila teknikoa nabarmendu dute, baita graduondokoak ikasleei ematen dien enplegagarritasuna ere. Gainera, irakaskuntza-programaren kalitatea ere azpimarratu dute, jaso diren ikasteko eskaera kopuruari (400dik gora) eta eskatzaileen jatorri aniztasunari (67 herrialde) balioa emanda.

Ikuspegi ekonomikoaren arabera, ikastaroak ikasleei eskaintzen dizkien finantzaketa aukerak nabarmendu dituzte, baita proiektuaren jarraitutasuna ziurtatzen duten berme ekonomikoak ere.

Azkenik, agentziak oso balorazio positiboa egiten du masterraren hedapen eta sustapenean teknologia berriak erabiltzearen gainean.