Zortzi film hautatu dituzte Zinebi Networking foro profesionalean parte hartzeko

0

ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea zine dokumentalaren bigarren foro profesionalean parte hartu nahi izan duten 22 lanetatik, zortzi aukeratu dituzte.

Bertoko talentua sustatzea eta Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpena babestea da ekimen honen helburua, eta bide horretan laguntzaile ditugu Euskal Produktoreen Elkartea (EPE-APV), Euskal Telebista (ETB), Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia (BEAZ) eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoa.

Hautaketa-batzordeak honako proiektu hauek hautatu ditu: El Peso, Tamara Lucarinik zuzendu eta Banatu Filmak ekoitzitakoa; Bost Minutu, Amaia Nerekanek zuzendu eta Marmoka Films-ek ekoitzitakoa; Tetuán, Iratxe Fresnedak zuzendu eta Pimpi & Nella Films-ek ekoitzitakoa; Bolante baten historia (Historia de un volante), Iban Toledo Ibáñezek zuzendu eta ON Produkzioak-ek ekoitzitakoa; Margolan bat oparitzen didazu? (¿Me regalas un cuadro?), Ainhoa Urgoitiak zuzendu eta BITART NEW MEDIAk ekoitzitakoa; Europa a la Intemperie Roberto San Sebastián eta Naiel Ibarrolak zuzendutakoa, eta Plátanobolígrafok ekoitzia; Balika, Lander Ibarretxe eta Aitor Sánchezek zuzendutakoa, Veredastudio eta Nightwalkfilms ekoiztetxeek ekoitzita; eta Caminho Longe, Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutakoa, Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak ekoitzita.

Hautatutako proiektuak sortu dituzten taldeek mentoring saioetan parte hartuko dute Virginia García del Pino dokumentalgile ezagunarekin, eta azaroaren 11n, 16:30etik aurrera, Pitching saio irekia (proiektuen aurkezpena) egingo da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Edizio honetan sortutako adituen batzordea ikus-entzunezko sektorearen arlo ezberdinetako profesionalek osatzen dute: Jorge Caballero ekoizle eta zuzendari kolonbiarrak, Johanna Tonini banatzaile argentinarrak, Ainhoa Andraka ekoizle euskaldunak, Andrea Guzmán Documentamadrid Jaialdiko zuzendariak, Aída Vallejo UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak, Ainhoa González Europa Creativa Media Desk Euskadi bulegoko arduradunak, eta Aintzane Pérez del Palomar ETBko antena eta koprodukzio eskubideen arduradunak.