Besarkada solidarioaren bidez bi lapurreta egin zituen emakumea harrapatu dute Donostian

0

Joan den ostiralen 30 urteko emakumezko bat atxilotu zuten Donostian besarkada solidarioaren bidez egindako bi lapurreta leporatuta.

Ertzaintzak ostiral goizean jakin zuen, jarritako salaketen bidez, bi emakumeri lapurreta egin zietela besarkada solidarioaren metodoa erabiliz. Lehenengo lapurreta Altzako hilerriaren inguruan gertatu zen, eta emakume bati urrezko erloju bat lapurtu zioten; bigarren lapurreta, berriz, Polloeko hilerri ondoan gertatu zen, eta emakumeari urrezko eskumuturreko bat lapurtu zioten. Bi kasuetan biktimak adineko emakumeak izan ziren, eta lapurra Maria zela esanez hurbildu zitzaien. Jarraian, biei esan zien ezagutzen zituela, eta berataz gogoratzen al ziren galdetu zien, Polloeko lapurretan, behintzat, ileapaindegi bati erreferentzia eginez. Biei besarkada beroak eta musuak eman zizkien eta eskumuturretik heldu zien, eta une horretaz baliatuz kendu zizkien bitxiak eta alde egin zuen. Bi emakumeak gero konturatu ziren eskumuturrean zeramatzaten bitxiak falta zitzaizkiela.

Ertzaintzaren uniformatu gabeko patruila batek arratsaldeko ordu biak aldera aurkitu zuen Artzai Ona katedralaren inguruan ustezko lapurraren deskribapen fisikoarekin bat zetorren emakumea. Hainbat egiaztapen egin ondoren, emakumea atxilotu egin zuten adierazitako bi ebasketak leporatuta. Horrez gainera, arrastatuaren aurka Malagako probintziako epaitegiek bilatzeko eta atxilotzeko emandako bi agindu daude.