Gripearen aurkako txertoa 221.468 pertsonak hartu dute EAEn

0

Gripearen kanpainako lehen hiru astetan 221.468 pertsonak hartu dute gaixotasunaren aurkako txertoa Euskadin.

Testuinguru horretan, gripearen aurkako prebentzio neurri eraginkor bakarra “immunizazioa” dela gogorarazi dute Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Iaz, 1.600 pertsona baino gehiago ospitaleratu zituzten.

Gauzak horrela, arrisku-taldeetako pertsonek txertoa hartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ohar batean. Zehazki, 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek eta haurdun daudenek osatzen dute talde hori. Datozen asteotan, oraindik, haien osasun-zentroetan jarri ahalko dute txertoa.

Aurreko denboraldian, gripeak eragin handiena izan zuen astea 2019ko hirugarren astea izan zen; 100.000 biztanleko 532,5 kasu erregistratu ziren orduan, eta, oraingoz, Mediku Jagoleen Sareak kasuen gorakada antzeman ez badu ere, datozen asteetan egoera aldatu daiteke, baldintza meteorologikoek txarrera egiten badute, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du kanpaina honetarako 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dituela, eta kopuru hori handitu egin daitekeela beharrezkoa bada. Dosi horiek erosteko 1,4 milioi euro inbertitu dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago.