Literatura eta feminismoa izango dira Literaktum 2019ko ardatz

0

Azaroaren 11tik 24ra ospatuko den Literaktum letren jaialdiak literatura eta feminismoa binomioa izango ditu ardatz nagusi.

Alde horretatik, eta jaialdiak literaturaren eta bere garaiko gizartearen arteko lokarriak arakatzeko duen borondate argiaz, Literaktum 2019 literaturaren eta feminismoaren arteko loturen isla gisa aurkezten zaie herritarrei. Binomio hori da jaialdiaren ardatz nagusia.

Emakume idazleek osatutako multzo nabarmen bat bildu dugu hainbat gairi ekiteko: Elvira Sastre, María Sánchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodríguez, Kattalin Miner, Lucía Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales (urrian 2019ko Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso duena) dira edizio honetako idazle batzuen izenak. Nork bere ikuspegia azalduko du identitateaz, feminismoaz edo arte-sorkuntzaz.

Baina ardatz nagusi horrez gainera, beste gai batzuk ere jorratuko dira jaialdian programaturiko jardueretan, hala nola Europaren kultura-, hizkuntza- eta literatura-aniztasuna, poesia bizitzaren motor, edo identitate nozioa auzitan jartzea. Bestalde, ohi den bezala, izango dira azken lanak atera berri dituzten autoreen hitzaldiak ere; besteak beste, Bernardo Atxaga, Ibon Martín eta Karmele Jaiorenak.

Edizio honetan, pisu berezia izango du euskarazko literaturaren modernotasunean gako izandako liburu baten argitalpenaren 50. urteurrenak: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Literaktum 2019k ere bere alea jarri nahi du modernotasunaren sorburuko idazlan horri omenaldi eginez, nola eta erakusketa baten, literatura-ibilbide baten eta mahai inguru baten bidez. Baina Saizarbitoria ez da izango Literaktum 19n omenduko den euskal idazle bakarra: Joxean Artze oroituz ikuskizunak Usurbilgo sortzaile 2018an zenduaren poesia- eta musika-ibilbidea berrikusiko du.