Elur-maila 900 metrora jaitsiko da ostegunean

0

Ostegunean eta ostiralean Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia deituko du elurragatik.

Hain zuzen ere, osteguneko 21:00etan hasiko da abisua, eta ostiraleko 09:00etan indargabetuko dute. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, elur-maila 900 metroraino jaitsiko da, eta prezipitazio handiagoak izango dira isurialde atlantikoan.

Bi egun horietan, baina, abisu gehiago izango dira indarrean, Segurtasun Sailak beste bi deituko baititu. Bata haizeagatik jarriko dute, kostaldean, osteguneko 21:00etatik ostiraleko 15:00etara arte, eta bestea, aldiz, itsasaldeko arriskuagatik deituko dute, lehenengo bi milietako nabigazioari dagokionez; izan ere, batez beste 5 metroko olatuak izan litezke. Osteguneko 21:00etan hasiko eta ostiraletik larunbaterako gauerdian amaituko da olatuengatik ezarriko duten abisua.

Elur-maila, hala, 1.200 metroren bueltan kokatuko da ostegun arratsaldean, baina 1.000 metrotik behera jaitsiko da egunaren amaieran; prezipitazio txiki-ertainak izango dira, eta barnealdean atertzera egingo du. Orduek aurrera egin ahala, aldiz, itsasaldean ez ezik, barnealdean ere izango dira zaparradak; hala ere, isurialde atlantikoan ugariagoak izango dira, iraunkorrak puntu batzuetan. Ekaitzak ere jo lezake, eta baita txingorra egin ere. 1.000 metrora, baliteke 3 zentimetro pilatzea.