Tubacex konpainiak iaz baino % 41,7 gutxiago irabazi du

0

Tubacex enpresak 2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2018ko aldi berean baino %41,7 gutxiago irabazi du, hau da, 7,2 milioi euro lortu ditu.

Horrez gain, 476,3 milioi euroko salmentak izan ditu, iaz baino % 8,4 gutxiago, enpresak jakinarazi duenez.

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren zigorren beldur, Iranekin zuen eskaera bat bertan behera utzi zuen; burutu izan balu, salmentek % 40 egingo zuten gora.

Soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzeko hodiak egiten dituen konpainiak adierazi duenez, eskaerak «hazten ari dira hilero», eta azken urteetako batezbestekoa baino % 40 gehiago dira. Enpresak zehaztu du proiektu handiak negoziatzen ari dela, epe laburrean burutzeko asmoz, eta horrek «eskaera zerrenda historikoa» ekarriko duela gaineratu du.

Konpainia arabarrak nabarmendu du merkatuaren «pixkanakako susperraldia» taldearen salmentetan islatzen ari dela. Horrela, urtarrila eta iraila bitartean 476,3 milioi euroko salmentak egin ditu, eta Ebitda edo interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurreko irabazia 46,2 milioi eurokoa izan da, % 9,7ko marjinarekin.

Asia da Tubacexen merkatu nagusia, horren salmenten % 45 harako baitira, eta hazkunde-aurreikuspenek «altuak izaten jarraitzen dute» bertan.