Donostiako Espartxo zubi berriak baditu habeak

0

Gipuzkoako hiriburuko Txomiñeneko Espartxo zubi berriaren taulak oinarrian izango dituen lau habe handiak jarri dituzte jadanik.

Obraren pausorik garrantzitsuena da. Dena ondo badoa, urtea amaitu aurretik ireki ahal izango da zubia, behin-behinean, ibilgailuentzat.

Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendiak esan duenez, “eguraldi txarra izan arren, arazorik gabe jarri dira habeak, eta orain zubiaren taula jarriko da, autoak eta oinezkoak bertatik igaro daitezen”.

Zubi berriaren ezaugarrietako bat da alboetako pasabideen bidez bereiziko direla espaloiak galtzadatik. Taula eraikitzeko, zubi zaharra eraitsi beharko da, eta obra horrek astebete iraungo du.

Obrak 2,5 milioi euroko aurrekontua du, eta urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran amaituko da.