EHUko Argitalpen Zerbitzuak haurdunaldian elikatzeko gida praktikoa kaleratu du

0

Haurdunaldian elikadurak zenbateko garrantzia duen ulertzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak ‘Guía prática de nutrición en el embarazo’ izeneko liburua argitaratu du.

Liburuaren egileak María Puy Portillo, Alfredo Fernández-Quintela, Iñaki Milton-Laskibar, Naroa Kajarabille eta Asier Léniez izan dira, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak eta CIBEReko kideak, Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren arloan; CIBER Carlos III Osasun Institutuaren mendeko sareko Ikergune Biomediko bat da, Osakidetzako Arabako ESIrena ere badena.

Haurdunaldia etapa bereziki garrantzitsua da emakumeentzat eta haren ingurukoentzat. Etapa horretan ezin konta ahala aldaketa funtzional eta anatomiko ematen dira haurdun dagoen emakumearen gorputzean, umekia egoki garatzeko, erditzeko unea prestatzeko eta umekia umetokiz kanpoko bizitzara egoki moldatutako dela ziurtatzeko.

Haurdunaldian, nutrizio beharrak ere nabarmen areagotzen dira, haurdun ez dagoen emakume osasuntsu batekin alderatuz gero. Garrantzitsua da adieraztea elikagai batzuetan izandako gabezia txikiak nahiz gehiegikeriak lotuta egon daitezkeela umekiaren hainbat arazori, hasiera batean amarengan konplikaziorik sortzen ez badute ere. Beraz, haurdunaldiaren aurretik eta hark iraun bitartean sekulako garrantzia dauka elikadura zaintzeak, eragina izan dezakeelako umekiaren garapenean eta amaren osasunean.

Gida honek, beraz, tresna erabilgarri, praktiko eta erraz eskuratzeko moduko bat izan nahi du, haurdun dagoen emakumearen elikaduraren garrantzia ulertzeko, eta, horri begira, haurdunaldi osasuntsu baterako gomendioak biltzen ditu. Era berean, haurdunaldian nahiko arruntak diren zenbait konplikazio kudeatzeko eta prebenitzeko azalpenak eta gomendioak ematen dira. Hori bai, gida honek ez lituzke inondik ere ordezkatu beharko osasun langile batek haurdun dagoen emakume bati eman diezazkiokeen gomendio klinikoak.