Atzo goizaldean bi gizon atxilotu zituzten Donostiako Martutene auzoan aparkatutako ibilgailu batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
00:20ak aldera pertsona batek Ertzaintzara deitu zuen bi gizonezko Eguzkieder kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten inguruan zebiltzala eta autoaren alarma aktibatu zela esanez. Donostiako Ertzain-etxeko uniformatu gabeko patruila bat berehala hurbildu zen ingurura, eta bi susmagarriak identifikatu zituen.
Ondoren, atea zabalik eta sarraila manipulatuta zuen Volkswagen Golf bat ikusi zuten, eta barruan dena hankaz gora zegoela egiaztatu zuten. Bi susmagarriak miatu zituztenean, agenteek, besteak beste, adierazitako ibilgailutik lapurtutako betaurreko batzuk aurkitu zizkieten.
Hori dela eta, agenteek atxilotu egin zituzten 28 eta 27 urteko bi gizonezkoak, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta eraman zituzten polizia-egoitzara.