Albert Riverak politika utzi du

0

igandeko hauteskundeetan jasotako porrotaren ostean, Albert Riverak dimisioa aurkeztu du.

Izan ere, bere alderdia 57 eserleku izatetik 10 izatera igaro da Kongresuan eta 2,3 milioi boto galdu ditu. Ciudadanosen (Cs) zuzendaritza bildu da goizean, eta bertan jakinarazi du bere erabakia Riverak. Ondoren, galderarik gabeko agerraldia egin du.

13 urtez Cs-ren presidente izan denak hiru erabaki jakinarazi ditu agerraldian: «Bi politiko, eta bat pertsonala». Lehenengoa, bart «aurreratutakoa»: Ciudadanosen presidente izateari utzi diola. Bigarrena, ez duela A10eko hauteskundeetan irabazitako diputatu akta jasoko. Hirugarrena, politika utziko duela.

Riveraren esanetan, «alderdi baten arrakastak denonak dira, baina emaitza txarrak, buruzagiarenak». Hala, «koherentziagatik eta erantzukizunagatik» Cs-ren presidente kargua uztea erabaki du, beste bati lekua utziz: «Beti pentsatu izan dut buruzagi batek aurpegia eman behar duela. Ausarta eta koherentea izaten saiatu naiz beti».

Jada Ciudadanosen presidente ohia denak uste du Espainiak «alderdi liberal eta zentrista» bat behar duela, «gorriaz eta urdinaz harago» (PSOEri eta PPri erreferentzia eginez).

Buruzagi gisa dimisioa emateaz gain, Kongresura diputatu akta jasotzera joango ez dela ere iragarri du. «Inoiz ez naiz politikan eserleku bati lotuta egon», azaldu du.