Bizkaiko Aldundiak 40,8 milioi euro murriztu du zorra

0

Gaur bertan Bizkaiko Foru Aldundiak 40,8 milioi euroko zorraren ezohiko amortizazioa onartu du.

Kopuru hori 2019ko aurrekontuan aurreikusitako zorraren ohiko amortizazioari gehituko zaio (119,4 milioi euro), eta, horrenbestez, ekitaldi honen amaieran 160,2 milioi euro amortizatuko dira Bizkaian. Beraz, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zehaztu duenez, 2019ko abenduaren 31n Aldundiaren zor bizia 1.166,7 milioi eurora murriztuko da.

Ezohiko amortizazio horretara bideratutako 40,8 milioiko partida 2018ko ekitaldiko soberakinetatik dator eta Aurrekontuen Egonkortasunari buruzko  Legeak ezarri duena betez zorra amortizatzera bideratu behar da. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak lege hori eta gastu-araua aldatzea komeni dela adierazi du; izan ere, Bizkaiaren kasuan, Foru Aldundiari 40,8 milioi euro horiek inbertsio produktiboetara bideratzea eragozten dio, eta inbertsio horiek beharrezkoak dira ekonomiak dezelerazioa erakusten duen une honetan. Foru erakundeak lege hori berrikusteko eskatu du, gastu-arauak ezarritako muga gainditu ahal izateko zorpetzera jo behar izan gabe.