Euskaragida.eus euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu dute

0

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dituen gida argitaratu du, Euskaragida.eus izenpean.

Aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar daude bertan. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).

Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak zehaztu du paperezko edizioa iaz bezala aurten ere ikastetxeetan bakarrik banatuko dela 9-10 urte arteko haurren artean eta, guztira, 10000 ale izango direla. Dena den, adin guztiei zuzendutako produktuen informazio guztia www.euskaragida.eus webean eskuragarri dago.

Eguberri hauetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu ditu donostiarrak.

euskaragida.eus atariak, bere aldetik, paperezko edizioan iragarritako produktu guztiez gain, produktu gehiago eta egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako produktu batzuk ere jasotzen dira. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, gehientsuenek on-line erosteko loturak erantsita dituzte.