Datorren urtean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bekei eta ikasketarako laguntzei 102,5 milioi euro zuzentzeko asmoa du.
Sailburuek 2020ko Aurrekontuaren ildo nagusiak azaldu dituzte astearte honetan Legebiltzarrean izan diren batzordeetan. EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari dira, eta, beraz, ez dago ziurtatuta proiektuak aurrera egitea. Iaz, adibidez, ez zuten babes nahikoa lortu, eta 2018ko Aurrekontua luzatu behar izan zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.
Aipatutako 102,5 milioi horietatik, 57 daude jasota unibertsitatez kanpoko beketarako (garraioa, jantokia, materialak edo egoitza, besteak beste); kopuru hori, baina, handitu egingo da, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek dagokien beka jaso dezaten, Hezkuntza Sailak zehaztu duenez.