‘Erraza da’ egitasmoaren bigarren fasea abenduan hasiko da

0

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bigarren hiztegi bat prestatu du ‘Erraza da’ proiektuaren bigarren zatia aurrera eramateko.

Egitasmo hau Parte Zaharreko jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua egon da eta harrera ona izan du. Taberna eta jatetxe guztiak bisitatu eta gero, 70 establezimendutako 209 langile animatu ziren egitasmo berritzaile honetan parte hartzera.

Erraza da proiektuak egunean bi hitz / esamolde ikastea eta, horrela, hiru hilabeteren buruan 200 hitz / esamolde ezagutzea izan du helburu. Prozesua amaitu eta gero, egitasmoan parte hartu duten langileak bezeroak eskatzen duena ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko gai izatea izan da xedea. Egitasmoa burutu ondoren, parte hartu duten langileen balorazioa oso ona izan da. Egitasmoaren bukaeran parte hartu duten langileengana jo du Udaleko Euskara Zerbitzuak eta 150 langileren(%72) balorazioa jaso du. Horietatik, %94k adierazi du egitasmo praktikoa dela euskara ikasten hasteko.

Udaleko Euskara Zerbitzuak bigarren hiztegi bat prestatu du, aurrekoaren jarraipena dena. Honetan ere, agurrak, zenbakiak, ostalaritzan erabiltzen diren esamoldeak eta galdera-erantzunak jasotzen dira, besteak beste.

Egitasmo pilotuaren bigarren zatia izanik, bigarren hiztegia jasotzeko ezinbestekoa izango da aurreko hiztegia jaso eta egitasmoan parte hartu izana. Hiztegia azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran banatu eta gero, hitzak / esamoldeak ikasteari abenduaren 9tik aurrera ekingo diote.