Donostiak bat egingo du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin

0

Bihartik azaroaren 24ra bitartean Donostiako Udalak Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egiteko asmoa jakinarazi du.

Jana alferrik galtzeari kontra egitea da gure gizartearen erronka handienetako bat. Nazio Batuek, 2030eko Agendaren bidez, garapen jasangarriko hamazazpi helburu proposatu dituzte; besteak beste, alferrik galtzen den jana erdira murriztea txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean.

Ekologiako zinegotzi Enrique Ramos sozialistak gogorarazi duenez, “Donostiako Udalak ‘Donostia, xahuketarik gabe’ ekimena jarri zuen abian 2018an, hiru sektoretan hondakinen prebentzioa lantzeko: jatetxeak, janari dendak eta etxeak. Ekimen horren bidez, alferrik galtzen den janaria murriztu nahi da, eta herritarrak sentsibilizatu, Nazio Batuek proposatutako erronkan parte har dezaten.”

Orain arte, hiriko 31 jatetxetan jarri da “Donostia, xahuketarik gabe” bereizgarria, eta “Jatetxeetarako gida. Nola egin aurre elikagaiak xahutzeari” argitaratu da, erronka horrekin bat egin nahi duten jatetxeei informazioa emateko. Udalaren webgunean aurki daitezke hala gida bera nola jatetxe parte hartzaileen zerrenda.