Luise Donschen zuzendari alemanarekin ‘Entire days together’ film laburra izan da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-ZINEBIren 61. Edizioko Sari Nagusiaren irabazlea.
Euskal film labur dokumental bik eraman dituzte jaialdiko beste sari nagusiak –bakoitza 6.000 eurokoa–: Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren “Mateoren ama” (2019, Euskadi) lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso du, eta Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen “Solo son peces” (2019, Euskadi) filmak Zine Espainiarraren Saria. Guztira 57 film labur, animaziozkoak (17), fikziozkoak (18) eta dokumentalak (22), lehiatu dira ZINEBIren edizio honetako Nazioarteko Lehiaketako Sekzio Ofizialean.
Sekzio Ofizialeko sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 61eko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakaslea, Nahikari Ipiña ekoizlea, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdi ospetsuko zuzendaria, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarra eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazlea.
Generoen araberako Mikeldi Sariei dagokienez, nazioarteko epaimahaiak Sonia K. Hadaden “Emtehan (Exam)” (2019, Iran) lanari eman dio fikziozko film labur onenaren Mikeldia. Animaziozko zinearen atalean, film labur onenaren Mikeldia Theodore Usheven “Physique de la tristesse (The Physics of Sorrow)” (2019, Kanada) lanak eraman du, eta film labur dokumental onenaren Mikeldia Camila Katerren “Carne” (2019, Brasil / Espainia), lanak jaso du. Hiru sari horietako bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio, Pilvi Takalaren “The Stroker” (2019, Finlandia) dokumentalari.
Dokumental eta fikzio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria banatuko duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) Sariari dagokionez, bere lana aurkezteko Bilbora etorri den Eloísa Solaas zinegilearen “Las facultades (The Faculties)” (2019, Argentina) lanak jaso du.
ZINEBI FIRST FILM Saria erabakitzeko ardura duen nazioarteko epaimahaia, Acid Forest filmarekin ZINEBI 60an ZIFF Sari Nagusia irabazi zuen Rugilé Barzdziukaité zinegile, antzerki-zuzendari eta diziplina anitzeko artista lituaniarrak; Chiara Marañón programatzaile eta komisarioak eta Adrian Martin arte kritikari eta ikus-entzunezko saiakeragile australiar ospetsuak osatu dute. Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bi eman gura izan dizkie Jessica Sarah Rinlanden “Those That, At A Distance, Resemble Another” (2019, Espainia / Erresuma Batua) dokumentalari eta Lendita Zegirajren “Sphia e Agës (Aga´s House)” (2019, Kosovo / Kroazia / Albania) fikzioari.
Horrez gain, edizio honetan ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) – EPAIMAHAI GAZTEA sari berezia eman zaio John Skoogen “Säsong (Ridge)” (Suedia, 2019). filmari.