‘Hazitik gora!’ izango da datorren Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa

0

Aste honetan aurkeztu dute 2020ko ekainaren 7an Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia.

‘Hazitik gora’ izango da bertako leloa. Beronen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean ipini nahi dituzte, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz. Hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten.

Imajinari dagokionez, ernamuintzen ari den hazi irudikatzen du kolore desberdinekin, Arabako Errioxako eskola publikoak bizi duen eraldaketa prozesua islatuz. Humanos Unidos-eko Miguel Angel Herrera da autorea, eskola publikoko aita hain zuzen ere.