ZIUR Zentroak Donostiako egoitza inauguratu du

0

Ziber-erasoen prebentziorako Gipuzkoako industriaren aliatu “estrategiko” bilakatzea helburu duen ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren egoitza zabaldu dute gaur Donostian.

Instalazioak Zuatzuko enpresa parkearen Urola eraikinean kokatuta daude eta, bertan, beti ere bikaintasuna eta ekonomia-ehunarekin kolaborazioa oinarri hartuta, ezagutza aurreratua sortu eta Gipuzkoa zibersegurtasun industrialean Europa mailako erreferentzia bilakatu dadin lan egingo dute.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Donostiako alkatea, Eneko Goia, buru izan ditu –haiek dira ZIUR Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkari nagusi– gaur goizean irekiera ekitaldiak, non zentroko zuzendari Carlos Abadek azaldu dituen ZIURek jorratuko dituen lan ildo nagusiak.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, ZIURek ekarriko duen “jauzi kualitatiboan” jarri du azpimarra, bere esanetan enpresa eta ekonomia ehunaren “sendotasuna areagotzea” ekarriko baitu, kontuan izanda “komunikazioen segurtasuna hil ala biziko gaia” dela enpresen lehiakortasuna bermatzeko orduan.

Aldi berean, hiriko alkatearen iritziz, azpiegitura berri honek Donostiaren “posizionamendua” indartu egiten du “ezagutza aurreratuari lotutako hiri” eta “lurralde osorako zerbitzu gune” gisa.