Begirada garaikideak erakusketa inauguratu da

0

Abenduaren 9ra bitartean Donostiako Zuloaga plazan ikusgai egongo da Begirada garaikideak erakusketa.

Adinak hiria ikusteko eta bizitzeko moduan zer-nolako eragina duen pentsaraztea da erakusketaren muin eta mamia; alegia, ikusleak ulertzea zirkunstantziek eta bizi-esperientziek baldintzatzen dutela pertsona bakoitzaren begirada. Donostiako Udalak bultzatu du erakusketa Donostia Lagunkoia planaren bidez, eta horretan laguntzaile izan ditugu Tabakalera-Ubik Sorkuntza Liburutegia eta MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala. Adin guztietako 100 herritarrek erabili eta botatzeko kamerekin ateratako 800 argazki ikusteko modua izango dute erakusketara joaten direnek.

Erakusketa taxutzeko orduan, gure populazio-banaketak agerian uzten duen datu adierazgarri bat hartu dugu oinarri: Donostiak 100 biztanle baino ez balitu, 17 biztanle egongo lirateke 19 urtetik beherakoak; 15, 20 urtetik 34 urtera bitarteko tartean egongo lirateke; 29, 35etik 54ra bitarterainokoan; 21, 55etik 70era bitarterainokoan, eta 70 urtetik gorako 18 biztanle leudeke. Horregatik, erakusketa honetan ere 100 herritarrek parte hartu dute, proportzio horixe bera irudikatu nahi izan delako. Batak bestearekin antz handirik ez duten pertsonak espazio berean bizi dira, hiri berean, eta garaikideak dira, sasoi berean bizi direlako denak. Labur esanda, Donostian bizi diren zenbait herritarrek beren hiriaz zer ikuspegi duten azaltzen da erakusketan, ikuspegi hori zirkunstantzia eta bizi-esperientzia pertsonalen ondorio zenbateraino den gogoetatu dezagun.

Bizi-zikloengatik eta adinagatik ez ezik, beste zirkunstantzia askorengatik ere oso desberdinak dira erakusketan parte hartu duten herritarrak: jatorria, lanbidea, bakoitza bizi den auzunea… Sukaldaritza-ikasle bat, moja bat, irakasle bat, artista bat, arkitekto bat, polizia bat, ekintzaile bat, diseinatzaile bat… Erakusketan ageri diren donostiar guztiei jarraibide bera eman zitzaien: urriko bi astean zehar, erabili eta botatzeko kamera hartu, eta kalera irten behar izan zuten zortzi galderari bisualki erantzuteko:

Besteak beste: Zein da Donostian gehien atsegin duzun lekua? Non erlazionatzen zara besteekin? Zer lekutan ematen duzu denbora gehien? Zerk liluratzen zaitu? Argazkiak berak dira erantzunak, noski, asko eta asko hiriko parke eta berdeguneetan atereak, edo adin guztietako jendearen topaleku diren lekuetan, hala nola Nautikoan, baina baita intimitate handieneko espazioetan ere; etxean, esate baterako.

Erakusketatik hainbat ondorio atera daitezke: nabarmenena, seguru asko, hiriari begiratzen dieten begiak adina Donostia daudela, hau da, pertsona bakoitzak bere erara interpretatzen dituela espazioak, leku bakoitzak esanahi pertsonal jakinak dituela, eta norberak modu batean edo bestean jokatzen duela leku batean edo bestean egon. Hala ere, begirada guztiak sakonago aztertuz gero, konturatzen gara elementu, ilusio eta motibazio komunak ere badituztela erakusketan parte hartu dutenek. Zehatz esatera, erakusketak agerian uzten du “denok hiri berean bizi garela, eta hiria begirada guztien baturaren ondorio dela, eta horri esker dela posible denon arteko bizikidetza”.

“Ehun begirada desberdin, batzuetan ikusten ez ditugun hirietan dauden tokiak ikuspegi desberdinetatik aberastu, zehaztu eta nabarmentzen dituztenak. Ekimen honek erakusten du aniztasunean beti daudela pertsonak lotzen dituzten faktoreak. Kasu honetan, hiria bera da lotune horiek sortzeko eta ikusarazteko topagunea. 100 hiritar horien ikuspegiak denok gure lekua daukagun Donostia bat estalgabetzen digu, gure jatorria, lanbidea edo adina edozein dela ere. Donostia inperfektu, inklusibo eta ameslari baten murala eta mosaikoa da erakusketa hau». Halaxe esan du Eneko Goia Donostiako alkateak, hark inauguratu baitu erakusketa bertan parte hartu duten herritarrekin eta haien senitarteko eta lagunekin batera egin den ekitaldian. MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren izenean, Pedro Astigarraga komisarioak nabarmendu du “erakusketan ageri diren ehun begiradak pluraltasunaren eta transbertsaltasunaren eredu direla, eta MUGAK-ek balio horiek babesten dituela”.

Begirada horiek argazkien bidez islatzeko, Begirada garaikideak erakusketan parte hartu duten herritarrek erabili eta botatzeko kamerak erabili dituzte, eta horrek agerian uzten du erakusketaren helburua ez dela argazkien kalitate teknikoa bermatzea izan, baizik eta kameren atzean dauden begiradak transmititzea. Gainera, argazki analogikoan ez dago ez filtrorik eta ez konponketarik, dena da den bezalakoa.

Argazki-erakusketa, Donostia Lagunkoiak bultzatua Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren ediziorako, Donostiako Zuloaga plazan egongo da ikusgai hurrengo azaroaren 16tik abenduaren 9ra bitartean. Erakusketa hau MUGAK Bienalaren bigarren edizioko azkenetako bat dugu. Momentuan, gai askori buruzko hamarren bat erakusketa daude ikusgai gure hirian, denak ere arkitekturan eta hirigintzan ardaztuak, bi diziplina horiek pertsonen bizimoduan nolako inpaktua duten aztertzeko.