Bi atxilotu Errenterian hiru kilo haxixekin

0

Joan den ostiralean 33 urteko gizonezko bat eta 26 urteko emakumezko bat atxilotu zituzten Errenterian, zihoazten autoan Ertzaintzak hiru kilo haxix aurkitu ostean.

Delituen prebentziorako lanetan ari ziren herritarren babeserako agenteek substantzia sorgorgarrien trafikoagatik aurretik egindako jarduketetan agertzen zen auto bat ikusi zuten Iztieta auzoan.

Autoa eta bi bidaiariak zaintzen aritu ziren agenteak, eta patruila batek geldiarazi eta identifikatu zituen Alaberga auzoan. Autoaren prebentziozko miaketan, ertzainek arropa artean ezkutatuta zegoen motxila bat ikusi zuten atzeko eserlekuan, eta bertan zintaz bildutako hiru pakete aurkitu zituzten. Pakete bakoitzak kilo bat inguru pisatzen zuen, eta barruan haxixa zuten. Patruilak, beraz, autoan zihoazen bi bidaiariak atxilotu zituen.

Atxilotutako gizonezkoak delitu-aurrekariak ditu, eta Ertzain-etxean jarraitzen du epailearen aurrera noiz eramango zain. Emakumea, bestalde, aske utzi dute, nahiz eta Epaitegira agertu beharko duen deitzen diotenean.