Espainiako Estatistika Institutuak mugikorren jarraipena egiten du mugikortasun ohiturak aztertzeko

0

Herritarren mugikortasun ohiturak aztertzeko helburuarekin, gaurtik aurrera Espainiako Estatistika Institutuak telefono mugikorren datuak erabiliko ditu.

Guztira, zortzi egunez zelatatuko dituzte telefonoak, azaroan eta abuztuan. Alabaina, ikerketa horrek polemika handia sortu du, datu pertsonalen erabileragatik.

Bildutako datuekin norbanakoen mugikortasun ohiturak aztertu nahi ditu INEk. Zehazki, gaurtik ostegunera arte jasoko dituzte datuak, baita azaroaren 24an eta abenduaren 25ean ere. Halaber, 2020ko uztailaren 20an eta abuztuaren 15ean ere zelatatuko dituzte herritarren telefono mugikorrak.

Polemika piztu duen ikerketa hau garatzeko, INEk milioi erdi euro emango dizkie Telefonica, Vodafone eta Orange konpainiei. Dena dela, INEk lagin bakoitzean zenbat mugikor dauden baino ez du jakingo; hortaz, legea erabat errespetatzen dutela ziurtatu dute konpainiek.

Testuinguru horretan, INEk jasoko dituen datuak anonimoak direla adierazi dute; izan ere, erabiltzaileen kokapenaren gaineko informazioa bistaratuko da, baina ez telefonoaren titularraren gaineko daturik.

Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) urriaren 29an ohartarazi zuenez, telefono mugikor baten kokapena berez datu pertsonala da, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera; beraz, INEk jasoko dituen datuak «anonimoak» izatea ez litzateke nahikoa izango, eta «modu agregatuan» aztertuko direla bermatu beharko litzateke.