Aurtengo Euskaraldian norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da.
Hori dela eta, bigarren edizioan abian jarriko den metodologia probatu nahi da Euskal Herriko hainbat tokitan. Intxaurrondo izango da horietako bat, eta bertan Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! ariketa egingo dute, azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean. Izan ere, ekimen honekin, Intxaurrondon 2017. urteaz geroztik egindako bideari – Baietz Intxaurrondon 20 egun! eta iazko Euskaraldia-jarraipena eman nahi zaio.
Ariketaren hasiera ekitaldia azaroaren 22an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta hurrengo egunetan hainbat jarduera eta ikuskizun antolatu dira. Abenduaren 3ko amaiera ekitaldiarekin emango zaio bukaera aurtengo edizioari.Auzokoek, ariketak irauten duen bitartean, belarriprest edo ahobizi izaten jarraituko dute etxekoekin, ezagunekin, lagunekin, auzoko entitateekin… Ariketan parte hartzeko ez dute izena eman beharko, baina txapa auzoko kultur etxeetan jaso ahal izango dute azaroaren 18tik 22ra, 16:00etatik 20:30era.