Zornotzako tabernari bat espetxeratu dute substantzia sorgorgarrien trafikoagatik

0

Joan den ostegunean Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Zornotzan, ustez, lan egiten zuen tabernean droga saltzeagatik.

Ertzaintzak drogaren kontrako dispositibo bat gauzatu zuen ostegunean Zornotzako ostalaritza-establezimendu batean, bertan drogarekin trafikatzen ari zirela eta substantziak kontsumitzen zirela jakin ondoren, herrian alarma eta kezka sortu baitzuen.

Lokalean sartu ondoren, miatu egin zuten eta miaketan Ertzaintzako Txakur Unitateak ere parte hartu zuen. Agenteek hainbat pertsona identifikatu zituzten, tartean adingabe bat edo beste, eta tabernaren jabea atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Miaketan agenteek hainbat substantzia sorgorgarri aurkitu zituzten, besteak beste, haxix ezkurrak, haxix zatiak, marihuana-kukuluak zituzten kaxak eta hauts bat, ustez speeda. Substantzia hori establezimenduko hozkailuan aurkitu zuten, guztira 900 bat gramo.

Atzemandako drogarekin batera bi doitasun-balantza, termozigilatuta ixteko 700 bat plastikozko poltsa eta substantziak prestatzeko eta banatzeko elementuak ere aurkitu zituzten. Bestalde, Ertzaintzak berrogeita hamar bat zentimetroko orria duen matxete bat, sable bat, aire konprimatuko pistola bat eta balin-kaxa bat atzeman zituen. Adierazitako establezimendua ez ezik, etxebizitza bat eta ibilgailu bat ere miatu zituzten. Lokalaren arduradunari debekatutako armak edukitzea ere leporatu diote.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, ostirala, eraman zuten atxilotua Durangoko Epaitegira, eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.