Gasteizko Michelin lantegiak hainbat ekoizpen-lerro itxiko abenduan

0

Abenduaren 21etik 31ra Gasteizko Michelin lantegiak hainbat ekoizpen-lerro ixteko asmoa du.

Izan ere, ‘gurpil erraldoiaren’ fabrikazio aurreikuspenetan 11.000 tona gutxiago ekoitziko dira. Pneumatiko horiek egiten dituzten lantegietan eta gurpil horietan erabiltzen diren materialak fabrikatzen dituzten beste ekoizpen-lerro batzuetan lan egiten duten 1.700 langileri eragingo diete lanuzteek, hau da, Michelin Gasteizko langileen ia erdiari, CCOOko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Nolanahi ere, sindikatu horren arabera, «ez dago alarma pizteko arrazoirik», langileen eta zuzendaritzaren artean adostutako «malgutasun neurriak» bultzatuko baitituzte horien eragina leuntzeko. Hala, galdutako lanorduak 2020ko lan-egutegian berreskuratuko dituzte.

Konpainiatik onartu dute «beherakada» izan dela eskarian, eta horregatik erabaki dute lanuzteak egitea, testuinguru berrira «egokitzeko» modu gisa.