22’3 milioiko aurrekontua eramango da Hondarribiako Plenora

0

Datorren 2020 urterako Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak 22.431.034 euroko aurrekontua proposatuko du azaroaren 28an goizez burutuko den Ezohiko Osoko Bilkuran, iaz baino %2’9 gehiago. Hala eman dute aditzera gaur Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun Zinegotziak prentsaurrekoan.

“Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet proposamen hau lantzen aritu diren guztiei. Argi utzi nahi dut ere, guk urriaren 24ean oposizioko alderdiei pasatutako zirriborroa beraien aportazioarekin aberastu dugula, eta hori da bozkatzera eramango den proiektua. Eskerrak eman nahi dizkiet oposizioko taldeei, aurtengo emendakinak aurkezteko prozedura berriak lan gehiago eman baitie” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Udalaren egoera ekonomikoa ona dela esan nahi dut hasteko, sarrerak gastuak baina gehiago dira  eta udal tasa eta zergak ez ditugu 6. urtez segidan igo, eta ez gaude inorrekin zorretan. Zuhurtziaz jokatzen ari gara.

Gogoratu nahi dut, Madrildik datorkigun Aurrekontuen Egonkortasun eta Finantza Iraunkortasunerako Legeari eta Gastu Arauei jarraiki, orain ezin dugula iazko aurrekontu kopuruaren %2’9ko baino igoera handiagorik onartu, nahiz eta altxortegian dirua eduki eta inbertsioetarako planak aurreikusi” gehitu du Sagarzazu Alkateak.

Aurrekontuaren kopuru nagusiak

Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak eman ditu aurrekontuen sarrera eta gastuen inguruko xehetasun gehiago. Azaldu duenez, “sarrerei dagokienez, Foru Aldunditik datorkigun FOFIN foru funtsa, inoiz baina altuagoa izango da, gure aurrekontu osoaren %55 (12’87 milioi). Hondarribiko biztanle bakoitzeko 725 euro egokitzen zaizkio Udalari. Hortaz gain, zenbait zergekin, Udalak 7.131.000 euro jasotzen ditu ere, gehienbat hiri-ogasun zergak eta trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergak”.

“Gastuei dagokienez, aipatuko nahiko nuke adibidez alor sozialerako aurrekontuaren %32’7 bideratzen dugula, Azpiegituren alorretan %24’56, Administrazio arloan %21’03, Hiri Segurtasunerako aurrekontuaren %13’68%, eta Alor Ekonomikoa dei dezakegunari %8 bideratzen diogu”.

“Dirutan zehaztuta, ondasun arruntetan eta zerbitzuetan egindako gastuek 10’07 milioi euro suposatzen dute, pertsonal gastuek beste 7’35 milioi euro eta elkarte eta erakundeei egindako transferentzia arruntek beste 3’66 milioi euro.

Inbertsioetarako orain 718.400  euro bideratuko ditugu, eta aurrekontuaren likidazioa egindakoan, martxoa edo apirilaren bueltan, Udalak 7.785.450 euro inbertitzeko asmoa du” gehitu du Altuna zinegotziak.