Guatemalako UDEFEGUA erakundearen ordezkaria Donostian izan da

0

Mugen Gainetik elkarteak gonbidatuta, Brenda Guillén, Guatemalako UDEFEGUA erakundearen ordezkaria, Gipuzkoako hiriburuko hainbat ikastetxetara joateko asmoz etorri da Donostiara.

Izan ere, Donostiako Udalak, gizartea eraldatzeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuen 2016ko deialdian, “Donostiako ikastetxeek giza eskubideak, bakea, bizikidetza eta halako kontzeptuak lantzen dituzte indarkeriarik gabeko praktika batetik” proiektua finantzatu zuen, eta proiektu horri lotu zitzaizkion ikastetxeak bigarren fasea egiten ari dira orain, bigarren fase hau ere 2018ko deialdian babestua izan zen.
Proiektu horretan, giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren unitate didaktiko bat landu zuten, partaidetza bidez, DBHko 4. mailako ikasleentzat.

Bigarren fase honetan, asmoa da Donostiako hiru ikastetxetan giza eskubideen inguruan egindako prestakuntza lanean sakontzea eta hori finkatzea, unitate didaktikoa ezarriz.

Udaletxean egindako harreran, Brendak azaldu zuen gaur egun giza eskubideen defendatzaileak kriminalizatu egiten dituztela, bi modutara: batetik, botere gorenean direnek gorrotoaren diskurtsoa zabaltzen dute, giza eskubideen defendatzaileak narkotrafikoarekin eta delituzko egintzekin lotuz; eta, bestetik, GKEen legea eta antzeko lege erregresiboak aplikatzen dituzte, erakunde horiek ordena publikoaren nahasletzat joz.

Kriminalizazio horren ondorioz, aurten ugaritu egin dira defendatzaileen kontrako erasoak eta hilketak, eta jadanik hamasei pertsona hil dituzte urtarriletik irailera bitartean.

Bestalde, Brendak adierazi zuen nazioa bakartuta dagoela nazioarteko komunitatetik, Nazio Batuen Erakundetik kanporatu dituztela eta.

Amaitzeko, eskerrak eman zizkien bai Udalari bai Mugen Gainetik erakundeari, Guatemalan duten egoera ikusarazteko aukera emateagatik.

Harreran izan ziren zinegotziek eskerrak eman zizkioten, batetik, bisitagatik, eta, bestetik, Donostiako ikasle gazteei aukera emateagatik giza eskubideen balioa zein den eta eskubide horien alde lan egiten duten pertsonak defendatzea zer garrantzitsua den ikasteko eta hori UDEFEGUAUko ordezkari Brenda Guillénekin partekatzeko.