Lekeitioko Euskal Zine Bilera bihar hasiko da

0

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 42. edizioa ospatuko du bihartik azaroaren 30era bitartean.

Aurreko urteko edizio berritzailearen ondoren, aurtengoan bere zutabeak sendotzen jarraituko du zine bilerak. Euskara eta zinema batzen dituen jaialdiak, Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu, berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz.

40 + 1. edizioan sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indarberrituko dira, ikus-entzunezko lanen iragana, orainaldia eta etorkizuna lotuko dituzten espazioak finkatuz. Era berean, 42. jaialdiak euskal ikus-entzunezkoaren arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu, horretarako hainbat jarduera bultzatuz: sektorearekin harremanak lantzeko hitzaldiak eta lantegiak, herriko ondarea osatzen duten irudiak berpizteko ekimenak, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegietan edota omendutako figura eta ekimenei eskainitako atzera begirakoak eta noski, jada historikoa den ikus-entzunezko lanen lehiaketa.

Euskarazko zinemaren presentzia indartzeko helburua duen jaialdia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren euskarazko filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea.